MARTXOAREN 10ean, BESKOITZE HERRIAN, EUSKAL HERRIKO MUGAN DAUDEN IKASTOLAK OMENDUKO DITUGU.
Bazkarirako erreserba klikatu hemen
Euskara eta euskal kultura Euskal Herriko periferian; Ikastolen lanaren aitortza
“Non eta mugan” ekimena
Sarrera
Hizkuntzaren analogia biopolitikoa
Gizartea egitura mekaniko baino askoz konplexuagoa dela azpimarratu zuen Michel Foucault filosofo frantsesak. Pertsonen eta giza taldeen arteko harremanak guztiz programa ezinezko sarea sortzen du. Pertsonak ez dira engranaje soilak. Pertsonen arteko harremanak elikatzen doazen neurrian, harreman horretatik sortzen dena inoiz ez da errepikatzen, beti da bakarra eta berria.
XVII. mendera arte erabiltzen zen analogismoa mekanizismoa bazen ere, orduz geroztik erreferentzia biologia bilakatu zen, hortik Foucault berak sortu zuen biopolitika kontzeptua.
Giza taldea bizirik dagoen organismo bat da eta bizirauteko zeri garrantzia eman eta zeri ez bere buruak barne erregulatzen du. Analogismo biologikoarekin jarraituz, krisi egoeretan erdigunea indartzeko ahaleginetan, periferia sakrifikatzeko mekanismoak aktibatuko du. Gorputz batek tenperatura oso baxuetan pairatzen duen krisi termikoaren aurrean, gorputzaren organo bitalak babesteko, gorputzeko estremitateak galtzeko aukera eskainiko du. Hori dela eta, izozten diren gorputzaren lehenengo atalak atzamarrak, behatzak eta sudurra izaten dira.
Biopolitika adar linguistikotik ere har daiteke eta komunitate bateko hizkuntzaren bilakaera azter daiteke. Kasu honetan gorputza lurraldea da eta periferia lurralde horren inguruan beste errealitate eta komunitate soziolinguistikoekin marrazten den muga da.
Euskararen errealitateak oso ondo adierazten du analogia hau. Nahikoa da ikustea euskararen mapa ulertzeko Euskal Herriko erdigunea zonalde euskaldunena dela eta, beraz, periferia “sakrifikatzen” joan dela erdigune honen alde.
Euskal komunitatea modu ezberdinetan defini daiteke, baina bere esanahia euskararen komunitatearekin lotzen badugu, erdigunea eta periferia hertsiki elkarlotuta daude. Izan ere, erdigunea babestu nahian, periferia azken muturreraino “sakrifikatzen” jarraitzen bada, periferia erdigunetik hurbilduz, azken hau itotzeraino igaro daiteke. Periferia, beraz, lurraldetasunarekin parekatu behar da eta bere mugaren zehar dauden errealitate soziolinguistikoak indartzen eta elikatzen joan behar da.
Ikastola periferikoak
Euskal Herriko muga, euskararen periferia
Euskal Herrian badira periferiatik euskara lantzen duten eragile ugari, horietako bat Ikastolen mugimendua da.
Ikastolek historian zehar toki guztietan izan dute misio bera, ikastola periferikoek ere badute: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena.
Ez da erraza izan eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du ikastola hauek pairatzen duten sozio-politikoari aurre egitea. Aurre egiteko dedikazio eta militantzia handia erakutsi behar izaten dute. Beren ibilbidea eta esperientzia, beraz, oso aberatsa bada ere, aldi berean ez da oso ezaguna.
Badago erdigunetik periferiari aitortu ez zaien lehen aipatu den “sakrifikatzeko” meritua. Maiz, inkesta soziolinguistikoen bitartez lortzen diren datuak zenbakiak bilakatzen dira eta, zenbaki hauek “gehiago ala gutxiago”, “hobeto ala okerrago”, “onenak ala txarrenak”, … bezalako eskala baloratiboetara eramaten gaituzte. Ez dator bat erdigunetik zor zaizkien funtzio eta merituarekin.
Horregatik beharrezkoa da Euskal Herriko periferian euskararen alde lan egin duten eragileak aitortzea. Aitortza hau gauzatzeko beren esperientzia jasotzea, azaltzea eta partekatzea aukera bat izan daiteke.
“Non eta mugan”
Ekimen hau martxoaren 10ean burutu nahi dugu. Egun bakar batean gauzatuko da eta toki bakar batean: Beskoitzen (Lapurdi).
Bertan 2013an sortu zen ikastola dago. Haur eta Lehen hezkuntzako 50 bat haur joaten dira bertara.
“Beskoitzeko ikastola oso egoera larrian dago, ikastola hazteko herriko udalaren aldetik oztopoak eta zailtasunak besterik jasotzen ez dituelako. Azken oztopoa 2023ko irailaren 21ean iritsi zitzaien, alkateak ikastola berria eraikitzeko baimena ukatu baitzien, eta, ondorioz, ikasturte honetako 51 ikasleek dagoeneko zaharkituta dauden eraikin prefabrikatuetan jarraitu beharko dute. Hasiera-hasieratik aurrera egiteko eta konponbideak aurkitzeko ezintasuna salatu du ikastolak. Herriko Etxearekin hitzordurik ez lortzea ere salatzen dute. “Ikastola ito nahi dute, euskara ito nahi dute”, jakinarazten digute Beskoitzeko ikastolako gure lagunek. Horiek horrela, azaroaren 18rako manifestazio nazionala antolatu dute, eta Beskoitzeko ikastolari babesa eman…” (Goiena, 2023-11-07)
Ekimen hau toki bakar batean egin arren, bertan Euskal Herriko periferian dauden ikastola guztiak ordezkatuko eta omenduko dira.
Bertan ordezkatuta egoteak ez du esan nahi ekimen honetan omenduko ditugun pertsonen gain lanaren zama utziko dugunik, kontrakoa baizik; aitortza egiteak beste lekuetatik etorritako pertsonekin gauzatzea suposatu beharko luke. Horren haritik, lehenik eta behin, ekimen honetara parte hartzeko deialdi nagusi eta zabala euskal herritar orori egingo zaio. Ondoren lurralde bakoitzean ikastolen jaia antolatzen den ikastoletako komunitateari. Eta azkenik, gainontzeko ikastolei joateko gonbitea luzatuko zaie.

